Hasiera-Sarrera > Gure Ikastetxea > Vedruna Hezkuntza Eskaintza

Vedruna Hezkuntza Eskaintza

Vedruna Karitateko Ahizpa Karmeldarrek atsegin handiz hartu dugu gure Hezkuntza Proposamenaren berridazketa hau, lau kontinenteetako hezkuntza-elkarteen ekarpenen fruitu baita.

Ebanjelioko balioetan oinarritzen den hezkuntza-proiektua da, Nazareteko Jesus, eta bere bizitza eta mezua ardatz dituena. Joakina de Vedrunaren intuizioan inspiratu da, gaur egunera arte iritsi den hezkuntza-eredu bat abiarazi baitzuen.

Horixe da gure hezkuntza-proposamena azaltzen duen uste sendoa. Eta hezkuntza-egintza gizatiar horren bidez, Bizitzaren Jainkoa iragarri nahi du.

Dokumentu unibertsala egin nahi izan dugu, Vedruna presente dagoen leku guztietarako baliagarri izango dena: egoera politiko eta erlijioso desberdinak dituzten herrialdeetarako edo askotariko hezkuntza-errealitateetarako. Horrela, hezitzaile guztiek, beren fede-bizipenak eta konpromisoa desberdinak izan arren, proiektu horren barnean daudela senti dezaten.

Dokumentu markoa denez, ezinbestekoa izango da errealitate bakoitzean zehaztasun handiagoa ematen saiatzea, tokian tokiko beharrei erantzun ahal izateko. Gaur egungo pentsamendutik abiatzen da, baina etengabe aldatzea eskatuko diguten errealitate berriei zabalduta dago.

Zuzenean dokumentu hau egiten lagundu duten guztiei esker ona adierazi nahi diegu, erakutsi duten gogoagatik, interesagatik eta gaitasunagatik.

Ia 200 urtez, Vedrunak hezkuntzarekin duen konpromisoari eutsi dio, eta ondare sendoa da, egunez egun osatu eta gaurdaino iritsi dena. Hasieratik, Joakinaren erakundeak hezitzaile ugariren bidez hainbat une historikotako hezkuntza-premiei erantzuteko aukera eman du.

Gaur, ondare hori gurea da, geuregan hartzen dugu, eta gure ekarpen aberasgarria egiten diogu.

Ezagutu orduko liluratuko gaituen proiektu bati bizitza ematea da, eta bere indarra birsortutako mundu baterako pertsonak heztera zuzentzen da.

Ardatz diren elementuak: pertsona, gizartea eta balioak

Pertsona –honen hezkuntzaren zerbitzura gaude gu– bere dimentsio guztietan (fisikoa, afektiboa, kognitiboa, soziala, espirituala), eta prozesu dinamiko baten barnean hartzen da kontuan. Zentzuzko bizi proiektu batean errealizatzeko eta garaiko desafioei aurre egiteko gai da.

Pertsonak ezaugarri hauek ditu bere etengabeko harremanetan:

Bere buruarekin dituen harremanetan:
  • Dituen aukerez jabetuta, hazi eta alda daiteke.
  • Bere sinesmenei eta sakoneko kontzientziari leial zaie.
  • Hutsegiteak bere gain hartzeko, bere mugak bereganatzeko eta beroriekin bizitzeko gai da.
  • Bere bizitzaren historia, kultura, eta bere herriaren kultura ezagutzeko eta balioesteko gai da.
Gainerako pertsonekin dituen harremanetan:
  • Asertziozko jarrera du, komunikazio argi, ireki eta egiazkoa landuz.
  • Errespetua eta elkarrizketa ditu ardatz, gainerako pertsonak ere barnean hartuz eta balioetsiz.
  • Sentiberatasunez, senidetasunez eta elkartasunez jokatzen du, batez ere gure gizarteak ahazten edo baztertzen dituenekin.
  • Justiziarekin konpromisoa hartzen du, batez ere pertsonei beren eskubideak zapaltzen zaizkien tokietan. Bakearen sustatzaile eta eraikitzaile da. Prest dago munduaren beste ikuskera batzuekin eta beste sinesmen batzuekin zubiak altxatzeko.
Unibertsoarekin dituen harremanetan:
  • Askea eta arduratsua da, eta gai da unibertsoarekin harreman harmonikoa garatzeko.
  • Bizitza eta, norberaren bizitzatik haratago, pertsona guztiena bermatzen duen oro sustatzen du.
  • Gai da zuhaitz edo landare bat landatzeko eta garatzen laguntzeko.
Jainkoarekin dituen harremanetan:
  • Izatearen misterioari eta Jainkoaren egintzari zabalduta dago.
  • Jabetzen da bere duintasunaz eta, transzenditzeko gaitasuna duen pertsona den neurrian, errealizatzeko duen bokazioaz.
  • Pertsonengan eta munduan ageri den Jainkoaren presentzia sumatzen du.
  • Giza izatearen zentzuaren bilaketa itxaropenez bizi du.
Sustatu nahi dugun gizartea guztiok elkarrekin bizi dugun giza bizitza benetan duin bihurtzen duten balioetan oinarrituta eta inspiratuta dago. Gizarte horren ezaugarriak hauek dira:

Senide artekoa eta solidarioa:
  • Zerbitzu, eskuzabaltasun eta konpromiso asmoei eusten die.
  • Desberdina dena onartzen eta balioesten du; laguntasuna eta babesa ematen dio.
  • Ahulen sufrimenduarekin sentibera da.
  • Pertsonen eta kulturen artean berdintasunezko eta interdependentziazko harremanak sustatzen ditu.
Askea, arduratsua eta sortzailea:
  • Menpekotasuna, dependentzia eta bazterketa gainditzen ditu.
  • Kontzientzia eta komunikazio-mailak hazteko eta garatzeko aukera ematen du.
  • Presio, mehatxu edo beldurrik gabe pertsonak askatasunez jokatzera bultzatzen ditu.
  • Bertako kideei antolatzeko bidea errazten die, historia kolektiboan onartzeko eta sormenez eraikitzeko.
Bidezkoa eta parte hartzailea:
  • Bere egituren bidez natur ondasunak eta ekonomia ondasunak zuzenago banatzea defendatzen du.
  • Oinarrizko eskubideak errespetatzen eta lantzen ditu: osasuna, hezkuntza, etxebizitza, lana, adierazpen askatasuna eta hiritarren zuzenbidean parte hartzea.
  • Partaidetzan hezten du, bazterketa (ekonomikoa, etnikoa, kulturazkoa, sexuala eta erlijiosoa) gaindituz, eta garrantzia duten erabakiak hartzerakoan partaidetza azpimarratzen du.
  • Giza eskubideen defentsan konpromisoa hartzen du.

Horrelako gizarte bat garapen iraunkorraren mugen barnean hazten da, izan ere 'munduan nahikoa baliabide baititugu beharrean dagoenarentzat, ez, aldiz, diruzalearentzat'.
Gizarte gizatiar honetan soilik gauza daiteke bakea, justiziaren emaitza modura.

Hauek dira azpimarratu nahi ditugun balioak, gizarte honetan premiazkoak direla uste baitugu:
  • Bizitza
  • Askatasuna
  • Justizia
  • Bakea
  • Senidetasuna
  • Transzendentzia

Balio horien bizipenak eskatzen digu:

Bizitzaren defentsan heztea, eta horretarako, ezinbestekoa da:
  • Bizitza hasten den unetik amaitu arte balio bat dela ohartaraztea.
  • Bizitza zaintzea eta garatzea: ohitura osasungarriak sustatuz; Giza Eskubideen defentsan konpromisoa hartuz eta, banaka nahiz taldean, natura errespetatzeko eta zaintzeko jarrera hartuz; garapen iraunkorraren eta kontsumo arduratsuaren alde lan eginez.
  • Bizitza defendatzea, mehatxatuta dagoen tokian: pobrezia, gaixotasunak, tratu txarrak, gerrak, gehiegikeriak eta indarkeriazko horrelako egoerak dauden tokietan.
  • Bete-betean bizitzen laguntzea eta, jasotako dohain den neurrian, esker ona adieraztea.
Askatasuna indartzea, eta guzion onerako jardutea adieraziko du horrek, egia, errespetua eta zintzotasuna baititu iturburu; horretarako, ezinbestekoa da, besteak beste: 
  • Norberak bere autonomia eta erantzukizuna garatzea.
  • Eskaintzea, ez indarrez ezartzea.
  • Erabakiak hartzerakoan partaidetza sustatzea.
  • Irtenbideen proposamenen aniztasuna balioestea.
  • Gaitasun kritikoa garatzea eta ekimena eta sormena bultzatzea.
Justizia bizitzea:
  • Pertsonaren duintasuna ezagutuz eta balioetsiz, inolako bazterketarik gabe.
  • Behar handienak dituzten pertsonei laguntza eta babesa emanez.
  • Gauden tokian gizatasunezko egiturak sustatuz.
  • Behartsuen kausaren eta pobrezia baztertzearen aldeko konpromisoa hartuz.
Bakea sustatzea:
  • Pertsonek beren burua onartuta eta balioetsita sentituko duten guneak eta esperientziak eskainiz.
  • Errespetatzeko, entzuteko, hitz egiteko eta desberdintasunak bateratzeko ohiturak garatuz, eta aniztasunaren barnean, bizikidetasuna sustatuz.
  • Gatazkak lantzeko eta irtenbidea aurkitzeko estrategiak proposatuz.
  • 'Indarkeria ezak' duen indar eragileaz eta egunez egun jarrera hori lantzeak duen garrantziaz jabetuz.
  • 'Lehiakortasunaren' gainetik 'lankidetza' sustatuz.
Senidetasuna sustatzea, eta horretarako ezinbestekoa da:
  • Lankidetzaren eta konpromiso solidarioaren aldeko berdintasunezko harremanak ezartzea.
  • Praktikaren bidez lekukotasuna ematea eta jarrera hauek sustatzea: zerbitzua, elkarrizketa, tolerantzia, samurtasuna, eta errukitzeko eta barkatzeko gaitasuna.
Transzendentziaren zentzua indartzea, eta horretarako ezinbestekoa da:
  • Norbera bere barrenetik irteteko eta gainerako pertsonak aurkitzeko esperientziak posible egingo dituzten espazioak sortzea.
  • Kontenplazio-dimentsioa eta barneratzeko gaitasuna lantzea, norberaren bizitzan, besteenean, naturan eta historian dagoen Jainko eragilea aurkitzen laguntzeko.
Nabarmendu ditugun balioek osatzen dute gure hezkuntza-estiloa, eta gure hezkuntza-eskaintzan, bai metodologian, bai edukietan eta bai egituretan, mamituko dira, hezkuntza-eskaintza horren pedagogia MAITASUNean oinarritzen baita.

Hezkuntza-estiloa

Vedruna pedagogiak, maitasunaren pedagogiak, bere estilo berezia du, eta ardatz baten inguruan egituratzen da: pertsona eta pertsona arteko harremanen balioespena, familia giro xume, hurbileko eta alaian, oinarrizko hezkuntza-esperientzia den neurrian. Hau da, honako ezaugarri hauek dituen hezkuntza pertsonalizatzailea:
  • Pertsona bere hazkundearen protagonista eta erantzule egiten du.
  • Bakoitzak bere prozesuaren aurrerapenean esku hartzearen alde egiten duen lan-estiloa sustatzen du.
  • Nortasuna osatzen duten jarrera diren neurrian, lanerako irmotasuna, sendotasuna eta erantzukizuna sustatzen ditu.
  • Giza garapena bultzatzen duen giro baikor eta motibatzailea eratzen du.
  • Xede zorrotzen proposamenen eta pertsona bakoitzaren gaitasunen eta erritmoen artean oreka bilatzen du.
  • Norberaren aukerez jabetzeko eta bidezko mundu baten eraikuntzaren zerbitzura jartzeko gonbita egiten du.
  • Errespetuan eta maitasunean oinarritutako pertsona arteko harremanak lantzen ditu. Errealitatearen aurrean jarrera kritikoa hartzen du.

Edukiak eta metodologia

Proposatzen dugun hezkuntza-egintzarako, ez dute berdin balio eduki eta metodo guztiek.

Nabarmentzen ditugun balioak edukitzat hartu behar ditugu, horrela, gure proiektu, programa eta prozesu guztiak gurutza ditzaten. Gainera, egunero sortzen eta zabaltzen diren ezagutzen ugaritasunak ezinbesteko egiten du aukeraketa bat egitea eta hierarkizatzea, eta baita balio horiekiko koherentziari eutsiz edukiak zehaztea ere.

Ikuspegi metodologikotik, gure hezkuntzak:
  • Errealitatea du abiapuntu, eta bizitzarako eta bizitzatik hezten du.
  • Esperientzia eta aurretik ditugun jakintzak ikaskuntza berrietarako abiapuntu bihurtzen ditu.
  • Gertakariak lantzerakoan “nola”, “zergatik” eta “zertarako” kontuan hartuta irakasten du, eta ez soilik gertakarien “zer” kontuan hartuta.
  • Prozesuak balioesten ditu, ez emaitzak soilik.
  • Hutsegitea onartzen du, eta gatazka heldutasunerako oinarri pedagogiko modura hartzen du.
  • Bere burua ondo txertatzen du ingurunean, proiekzio unibertsala badu ere.

Gure estiloarekin koherentziaz jokatuz, gure metodologiak:
  • Barneratzailea izan behar du: desberdin izateko eskubidea onartuko du, aukeren berdintasuna posible egingo du, eta aniztasunari erantzuteko erantzun sortzaileak eskatuko dizkigu.
  • Eraginkorra eta gogoetatsua: honen bidez, eskola elkarteak “egintza – gogoeta - egintza” printzipioan oinarritutako sistema batean ikasiko du.
  • Parte-hartzailea eta elkarrizketazkoa: helburuen eta bitartekoen aukeraketan adierazpen askatasuna, aukeratzeko askatasuna eta jarrera eraginkorra eta arduratsua sustatuko ditu.
  • Sortzailea eta berritzailea: bide berrien bilaketan, gaitasunak garatuko ditu, eta norberaren ekimena eta pentsamendu dibergentea sustatuko.
  • Kritikoa eta askatzailea: gertakariak aztertuko ditu, eta jarrera kritikoa hartuko du berorien aurrean.

Ingurunearekin elkarreraginean

Hezkuntza eraldatzaile baten alde egiteak ingurunearekin dugun elkarreragina azterraraziko digu. Edozein hezkuntza-instantziak gizarte aldaketarako faktore izan behar du eta, beraz, honako alderdi hauek oso kontuan hartu behar ditu:

  • Integrazio kritikoa
Hezkuntza-instantzia eta inguruko komunitatea elkarreraginean daude: lehenengoak komunitatean zabaltzen du bere eragina eta aldarazi egiten du, eta aldi berean, komunitate horretatik elikatzen da, eta bertatik ikasten du. Horregatik:
  • Ateak zabaltzen dizkio tokiko komunitateari, eta lankidetza dinamika batean sartzen da.
  • Parte hartzen duen inguruko errealitatea kritikoki aztertzen du, eta zeregin kontzientziatzailea betetzen du.
  • Herritarren parte-hartzea sustatzen du, bere konpromisotik, komunitatea bere historiaren protagonista izan dadin.
  • Inkulturazioa
Hezkuntza-instantzia, beren inguruan txertatuta, herri bakoitzaren sustraiak eta adierazpenak asimilatzeko prozesu batean sartzen da. Horretarako:
  • Kultur ondarea preziatzen eta defendatzen du, identitatearen sustrai eta norbera eta kolektiboa balioesteko iturri dela onartuz.
  • Elkarrentzat aberasgarri izateko, kulturarteko elkarrizketa sustatzen du.
  • Elkarren arteko erlazio unibertsala
Hezkuntza-instantziak, aldaketa sozialez arduratzen diren beste erakunde batzuekin harremanetan jarriz, sare soziala osatzen du, eta mundu-errealitateari irekita dago. Horretarako:
  • Kontzientzia sortzen du eta munduaren interdependentziaz jabetzen da.
  • Giza Eskubideak eta Justizia defendatzeko egintza bateratuetan parte hartzen du.
  • Kontzientzia ekologikoan eta munduko baliabideen erabilera neurritsuan eta arduratsuan hezten du.
  • Egitura
Eskola Elkartea da oinarrizko egitura, eta berau osatzen duten pertsona guztiek beren ekarpena egiten diote Proiektuari.
Gure hezkuntza-ereduaren ildotik, lortu nahi ditugun balioak bizitzeko bidea emango duten antolakuntza egiturak sortu behar ditugu.
  • Beren giza elkartean txertatutako egiturak, gertuko nahiz urrutiko beste erakunde batzuekin elkarlanean arituko direnak.
  • Berdintasuna sortzen duten eta pertsona guztiei irekita dauden egiturak, behartsuenen aldeko joera dutenak.
  • Parte-hartzea bultzatzen duten egiturak, malguak, funtzionalak eta gizatiarrak.
  • Gogoeta egiteko eta barneratzeko espazioak sortzen dituzten egiturak.
Horrela planteatzen diren egiturak askatzaileak eta alaitasun giroa sortzen dutenak dira, eta hazkuntza eta “gauza handiak” egiteko gaitasuna sustatzen dituzte.

Vedruna hezitzaileak

Gure hezkuntza-aukerak motibazioa duen hezitzailea eskatzen du, gure iritziz, liluratzera eta konpromisoa hartzera bultzatzen duen hezkuntza-proiektu bat gauzatzeko ezinbestekoa baita motibazioa.

Hezitzaile horrek, hemengoaz eta orainaz jabetuta, eta etengabeko prozesu dinamikoan dagoela jakinda, bere zereginari zentzua ematen dion hezkuntza-helmugara zuzenduko du begirada.

  • Beste hezitzaile batzuekin batera gauzatzen ari den proiektu esanguratsuan bere ekarpena (bakarra eta pertsonala) ezinbestekoa dela ohartuko da pixkana.
  • Bizitzatik eta bizitzeko heztearekin konpromisoa hartuko du, prozesuetan laguntzaile eta erantzun baikorren bitarteko izanez.
  • Pixkana izaera bat, gauzak egiteko modu bat, bereganatzen joango da, eta horren bidez pertsona atsegina, hurbilekoa, barea, xumea, irekia, alaia, abegitsua eta, aldi berean, sendoa eta sinesmen sakonak dituena dela ikusiko da.
  • Hezkuntza Proposamen honetan nabarmendutako balioak bizi ditu, eta horrela, sinesgarri egiten ditu.
  • Badaki eguneratu beharra duela, eta etengabe prestatzen ari da:
  • Bere hazkunde pertsonalari begira.
  • Bere buruari profesionaltasun kualifikatua eta lana ondo egitea eskatuz, eta printzipio etikoak hartuta gidaritzat.
  • Proposamen honetako printzipioetan biltzen diren balioetan eta hezkuntza-estiloaren arabera prestatuz.
Hezitzaile horrek bere errealitate pertsonala eta pertsona artekoa aztertzen du, bizitza etengabe garatzen ari den prozesua dela eta prozesu hori bakoitzak besteekin dituen harremanetatik abiatzen dela kontuan hartuta:
  • Bere aukerak eta mugak onartzen ditu, eta errealitatearen aurrean eta etengabe erantzun behar dion hezkuntza-praktikaren aurrean jarrera kritikoa hartzen du.
  • Besteekin harremanak ditu, talde-lana eta parte-hartzea aberasgarri zaizkio, eta lehiakortasunetik lankidetzara jauzi egiteko gai da.