Hizkuntzak betidanik izan dira garrantzitsuak ikasleen hezkuntzarako eta garapen sozial eta intelektualarentzako. Are gehiago Euskal Herriko Erkidego Autonomoan, non benetako elebitasuna lortu nahi dugun. Errealitate hori oinarritzat hartuz, alor honetan egin beharreko prestakuntza ikusi genuen, ordura arteko ikasgaien isolamendua hausteko eta hizkuntzen irakaskuntza-ikaskuntzaren prozesuaren ikuspegi orokorrago bat izateko. Ez dugu ahazten eskaintzen dugun hezkuntzaren eta gure etorkizunaren proiekzio europarra. Ikuspegi hori dela eta, gure lana hiru hizkuntza ezberdinetan, gutxienez, egin beharko dugu: Esukaraz, gazteleraz eta ingelesez.
Aurkeztu dugun proiektua hizkuntza ezberdinak lantzeko egiten den lana bateratzeko genuen beharretik sortu zen. Hizkuntza bakoitza bere hizlarien arteko komunikazio tresna bat da, hori argi dago. Baina era berean, hizkuntzak ez daude isolatuta eta beraien artean nolabaiteko lotura bat dago. Pentsatzen duguna gure hizkuntzaren bitartez adierazten dugu baina beste hizkuntzak ikasten baditugu, hizkuntza berri horietan ere gauza bera egiteko gai izango gara.
Cummins (82)-ek bere hizkuntzen arteko elkarmendekotasunaren teorian esaten du gizakia gai dela hizkuntza ezberdinek daukaten azpiko gaitasun komun bat ezagutzeko. Gaitasun hori hizkuntza guztietan komuna da eta beraz, hizkuntza bat ikasterakoan ikasten dena maila handi batean aplikatu daiteke beste hizkuntza bat ikasterakoan. Noski, hizkuntza bakoitzak bere berariazko gaitasunak ditu eta horiek ezagutu behar dira ez baitira transferitzen.
Horregatik guztiagatik, Jesusen Bihotza Ikastetxean hizkuntzak- gaztelera, euskara eta ingelesa- irakasteko erabiltzen diren metodologiak oso antzekoak izan behar dute ikasleek hizkuntzen arteko transferentzia errazago egin dezaten.
Gure helburu nagusia ikastetxearen gogo-oinarriekin, LOGSEaren ebazpenekin, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailarekin eta Europako Hezkuntza erakunde ezberdinekin bat dator eta hauxe da:
ÒOinarrian elementu komunak, transferitu daitezkeenak, dituzten hizkuntzen arteko programazio integratu bat prestatzea. Elementu horiek ikasteko koordinazio metodologiko (zehazki) bat eta didaktiko bat (orokorrean) behar daÓ.